2013ko balorazioa: Beste urte batez Donostia abordatu dugu!

|
2013-08-20
|
2

Amaitu da 2013ko Aste Nagusi Pirata eta Donostiako Piratak mugimenduko kideok geure balorazioa publiko egin nahi dugu. Orotara 81 ekitaldi eraman ditugu aurrera eta programaturik ez zeuden ekitaldiak ere gauzatu ditugu; hala nola, Bilboko Txupineraren eta Jai Herrikoien aldeko elkarretaratzea. Oso pozik gaude egindako lanarekin eta jendearen erantzunarekin.

Donostia abordatu dugu beste behin! (Arg: Marta Vega)

Donostia abordatu dugu beste behin! (Marta Vega)

Gure ekintza nagusia den Abordatzeari dagokionean, aurten ere izan duen arrakasta azpimarratu nahi dugu. Ez da arazo aipagarririk izan ohiko artatze batzuez gain. Eguneko argazkiek adierazten dutenez, ongi errotutako ekintza parte hartzailea da Abordatzea. Eskerrak eman nahi dizkiegu berau posible egiten duten bolondres guztiei, beren laguntzarik gabe ezinezkoa bailitzateke ekitaldia antolatzea. Ahalegin berezia egin dugu Abordatze Txikian. Iaz kaiko lastan jarri genuen piszina txiki geratu zela eta, kaiko uretara eraman dugu aurten. Baita asmatu ere. Abordatze Txikian 250 eta 270 artean izan dira parte hartu duten haurrak eta egunean zehar antolaturiko beste ekimenek ere arrakasta handia izan dute. Kaian giro zoragarria izan dugu haur pirata eta hauekin etorri ziren familia eta lagunekin batera.
Gazteenek ere Donostia abordatzeko aukera izan dute! (Arg: Makoki)

Gazteenek ere Donostia abordatzeko aukera izan dute! (Makoki)

Iaz bezala, aurten ere hiru jai gune erabiltzeko aukera izan dugu: La Flamenka, Nautikoko DJ Txokoa eta Trinitate plaza. Hiru guneak egonkortzen ari direla argi dago eta hauetan antolaturiko ekimenek erantzun ona izan dute. Musika eskaintzari dagokionean, estilo desberdinen aldeko apustua egin dugu, guneetan ahalik eta egitaraurik zabalena antolatuz. Iruditzen zaigu guneetara gerturatu diren herritarrek eskertu dutela aniztasun hau. Datu zehatzagoetan sartuta, jende gehien bildu dituzten kontzertuak 3gabe2, Non Serviun eta Talco, South Central eta We Are Standard izan dira. Egitarauko arrakastatsuena South Central izan da eta artistak ere oso pozik joan ziren bertatik.
South Central La Flamenkan giroa jartzen (Arg: Makoki)

South Central La Flamenkan giroa jartzen (Makoki)

81 ekitaldietatik 46 kofradiek beraiek antolatu dituzte. 2013ko edizio honetarako indar berezia egin dugu zentzu honetan, beraz, balorazioa baikorra da ezinbestean. Eskifaia kofradia bakarra izatetik, bost kofradia izatera igaro gara, eta esan bezala, egitarauaren erdiaren antolaketa beren esku egon da. Parte hartzeak eraldatzailea izan behar du egiazkoa izan behar bada, eta eraldatzailea izateko indarrean dauden balioak irauli behar ditu. Kofradien bitartez herritarrak jaien antolaketen partaide zuzen egitea dugu helburu. Konbentzimenduz diogu jaiaren arrakasta egitarau bat baino gehiago edukitzean dagoela. Gure helburua Aste Nagusiaren baitan Aste Nagusi asko sortzea da. Kalejira dinamika ere aipatu nahi dugu. Eskifaiako kideak Iruñea, Baiona, Gasteiz eta Bilbon ibili diren bezala, gustu haundiz hartu ditugu gurean gainontzeko hiriburuetako kideak. Oso ekimen interesgarria iruditzen zaigu elkar ezagutu eta indarrak batzeko.
Xibaroek prestatutako bazkaria (Arg: Makoki)

Xibaroek prestatutako bazkaria (Makoki)

Kofradiak izango dira irailetik aurrera jai herrikoien aldeko mugimendua nola eratu eta datorren urteko egitarauak adostu beharko dituztenak. Horretarako, antolaketa ereduaren inguruko gogoetaren bigarren atala garatuko dugu. Dei egiten diegu gogoeta prozesu horretan parte hartu nahi duten donostiarrei gurekin harremanetan jar daitezen, email edo webgune bidez. Aurtengo leloak antolaketa eredu berriaren gogoetari erantzuten zion. Baina baita jaiek bete behar duten beste funtzio bati ere. Jaiak auzo, herri edo hiriko bizilagunak saretuko dituen espazioa izan behar du. Aurten, besteak beste, “1813 Donostia Sutan”, “Stop Etxe Kaleratzeak” edo Groseko surflariekin garatu dugu elkarlana, eta balorazioa atal honetan ere baikorra da.
Etxe kaleratzeak Stop! kolektiboko kideek bota zuten txupina (Makoki)

Etxe kaleratzeak Stop! kolektiboko kideek bota zuten txupina (Makoki)

Zero Zabor jaiak erdieste aldera, esfortzu berezia egin dugu. Horretarako baso berrerabilgarriak edo guneetan gaikako zabor bilketa martxan jarri dugu. Iragan urteekin alboratuz pausu handiak eman ditugun arren, aurrerantzean asko dugula egiteko ohartu gara, eta inoiz egiazko jai ekologikoak lortu nahi baditugu konpromiso kolektiboa ezinbestekoa izango da. Finean, egiten dugun balorazioa oso ona da. Donostiako abuztuko jaiak pixkana-pixkana aldatzen doaz. Lanari ekin eta hamaika urtetara, jaiaz hitz egin dezakegu. Jaia eta festa izan dira aste honetan protagonistak. Geroz eta donostiar gehiago gara bestelako jai eredu batekin bat egiten dugunok, eta eredu hau erakundeek eskaintzen dutenarekin bateragarri da. Amaitzeko ohartarazpen bat. Segurtasunaren izenean, baina baita bestelako aitzakia ulertezinen bidez ere, Donostiako Piratok proposatzen dugun jai eredua auzitan eta zalantzan jartzeari ekin diote erakunde batzuek. Eusko Jaurlaritzaren Itsas Portuetako arduradunek kasu, neurri gabe eta argudio sendorik gabe zaildu dute gure lana. Baina aurten ere frogatutzat geratu da antolatzen dugun orok beharrezko segurtasun neurriak betetzen dituela, baita milaka direla gure egitarauan beren lekua topatzen dutenak ere. Bestelako interesak ezkutuan, jai eredu herritarra administratiboki itotzear izan dira eta datorren urteari begira zailtasunak areagotuko zaizkigula aurrikusten dugu. Beraz, dei egiten diegu donostiarrei, jai herrikoien mugimenduko parte eginez eta irudimena ipar, datozen urteei begira ereduaren defentsan atera daitezen eta ereduaren garapenerako beharrezkoak izango diren gogoetak garatu ditzaten.

IDATZI IRUZKINA

 

 

IRUZKINAK

Ajajaña, a ze buelta!
Ñoñostiarrek ez zuten merezi horrelakorik.
Donostiarrok, bai.
Zorionak eta urte askoan.
Orain, iradokizunak egiteko buzoitxo bat ireki nahi baduzue, horixe irabaz dezake datorren urtekoak.

Piratak! Zorionak zuei, benetan eredua zarete donostiarrontzat eta euskal herritarrontzat! Zenbat eta zenbat ordu sartzen ote dituzue bestelako Aste Nagusi bat posible dugula demostratzeko!! Baita lortu ere!!

Niretzat behintzat, hiriko proiekturik ilusionanteena da eta kofradiekin mugimendua zabaltzeko hartu duzuen erabakia oso interesgarria iruditzen zait. Sari bat merezi duzue.