Emakume* piratok Prest! – Muralaren aurkezpena

|
2017-08-13
|
0

Atzo goizean, Aste Nagusiari hasiera eman aurretik, emakume* piratok eraso sexisten aurkako murala aurkeztu genuen:

Emakume* piratok prest!
Hastear da 15. Aste Nagusi Pirata. Urte hau gogoangarria izango da: batetik, 15 urte betetzen ditugulako, eta, bestetik, aurten orain arte mugimendu barruan gertatu diren hainbat eraso sexista azaleratu direlako. Albiste horrek haserretu eta amorratu egin gintuen, baina, era berean, batu ere egin gaitu. Horregatik, elkartu egin gara emakume* piratok, gure arteko aliantzak sortzeko eta sendatzeko.

Sorkuntza lagun izanik, hainbat kofradiatako emakumeok eskuak batuz, pintzelak hartuz eta elkarrekin denbora emanez, zertzelada bakoitzarekin, gure arteko babes-sarea irudikatu nahi izan dugu mural honetan, eta, horrela, gure erantzuna eman nahi izan diegu gertatu diren eraso sexista guztiei. Subjektu kolektibo bihurtu gara, eta Ezkilarekin batera ehunka emakume gaude prest. Mural hau La Flamenkan egongo da, gogoan izan dezagun ez dugula eraso sexista bakar bat ere onartuko, eta halakorik gertatuz gero, denok elkartu eta autodefentsa feminista erabiliko dugula, inoiz baino indar handiagoarekin.

Gogor eta gogoz jarraituko dugu arraunean Donostiako Piratok eraikitzen ditugun espazioak eraso sexistarik gabekoak izan daitezen, eta gure gune eta harremanak askeak eta feministak izan daitezen. Izan ere, jaiak feministak ez badira ez dira jaiak izango. Ez behintzat guretzat.

Prest eta gogotsu gaude jaiak plazerez, elkar babestuz, elkarlanean, errespetuz eta askatasunez bizitzeko. Erasoen aurka, autodefentsa feminista erabiliz elkarrekin erantzuteko. Badakigulako dagoeneko ez gaudela bakarrik: emakume* pirata eta feministok ehunka gara, eta edonon gaude, erne eta prest. Matxiruloak, ito egingo zaituztegu!

 

IDATZI IRUZKINA