Programazio anitza eta morea osatu dute Donostiako Piratek Flamenka gunean 2018ko Aste Nagusi Piratarako

|
2018-06-21
|
0

15 taldek girotuko dute Flamenka gunea 2018ko Aste Nagusi Piratan. Bertaratuko direnek izango dute zer hautatu. Izan ere, rock, pop, punk, elektronika, hip-hop, reggae, dancehall edota folk doinuak entzungai izango dira Flamenkako gauetan, abuztuak 11tik 18ra bitarte. Donostiako Piraten erronka nagusia eszenatokietan sarritan murritza den emakumeen presentzia indartzea izan da.

PLAYLISTA ENTZUN

Bandera morea zabalduz

Donostiako Piratek eratutako jai eraldatzaile, euskaldun eta parte hartzaileetan, musika egitarauak leku nabarmena izango du aurtengoan ere. Gozamenerako zein aldarrikapenerako tresna izaten da musika, programazioaren norabideak Donostiako Piraton kezka eta mezuak islatzen dituen heinean. Geroz eta emakume gehiagok eszenatokira saltoa ematen duten arren, oraindik ordezkaritza murritzegia dutela azpimarratzekoa da. Hortaz, aurtengo egitarauan emakumeei zor zaien eremua eman nahi izan zaie. Horren adibide da hamabost taldeetatik hamaikatan emakumeon indarra nabaria izango dela eszenatokian: Fan&Go, The Capaces, Skakeitan, Ezetaerre, Krii Kolektiboa, Mad Muasel, Niña Coyote eta Chico Tornado, Mice, Olatz Salvador, Serrulla, Belako.

Zentzu horretan, Donostiako Piratek adierazi nahi dute Krii Kolektiboa Flamenka gunean programatzea sinbolikoki aurtengo erronka nagusietako bat izan dela. Izan ere, “Frances Be”, “Eddie Mae” eta “Les Alsborregach” DJ-ek osatzen duten Krii Kolektiboak musika elektronikaren bitartez hiru ardatz lantzea dauka helburu: emakumeen segurtasuna eta askatasuna dantzalekuetan, musika elektronikoaren programazioa emakume perspektibatik eta emakumeak estilo horretan ahalduntzeko hezkuntza zein elkarbanatze saioak. Hirukotearen hitzetan Krii Kolektiboa  “transfeminismotik pentsatu, ekin eta sortzen duen kolektibo bat da”. Adi! Astearte gauean (abuztuak 14) saio berezia eskainiko dutelako, pantailan irudiek lagunduta.

Bestalde, bakarlari moduan estreinatu diren bi artisten presentzia nabarmendu beharra dago ere. Esaterako, Olatz Salvador donostiarrak “Zintzilik” bere lehen bakarkako diskoa aurkeztuko du aurten, pop-rock doinuak lagun, amets bat dirudien lan limurtzailea. Soinu eta atmosferek itsas zabalean igeri eramango ditu ikusleak zalantzarik gabe. Abuztuak 17an ostiralez izango den kontzertua, Olatzek ondo ezagutzen dituen musikariekin talde formatuan eskainiko du.

Napoka Iria, Perlak edo Joseba B. Lenoir Gang bezalako taldeetan ibilbide profesional zabala garatu duen Miren Narbaiza eibartarrak berriz, MICE bere bakarkako proiektua aurkeztuko du. Aurreko urtean Berako Atala estudioan grabatutako lana da “MICE”, 8 abestiz osatua, Joseba Baleztena eta Ilargi Agirreren partaidetzarekin.

Aniztasuna nabarmen

Aniztasuna izango da nagusi Flamenkako eszenatokian, talde gazteak, beteranoak, bertakoak, kanpokoak, euskaldunak eta erdaldunak tartekatuko baitira bertan. Musika estiloei erreparatuz ere aukera ez da faltako: rock, pop, punk, elektronika, reggae, dancehall edota folk doinuak izango dira entzungai.

Fun & Go zarauztarrek irekiko dute Aste Nagusi Pirata, erromeriari helduz, urtetan horretan aritu den « Hiru Gabe Bi » donostiarrei erreleboa hartuz. Bigarren gauean, igandez, egurra emango zaio Flamenka guneari. 90. hamarkadatik kaña ematen dabiltzan katalanak izango dira eszenatokian: The Capaces. 2003an “Born to Punk” argitaratu zutenetik, eta batez ere duten frontwomanaren zuzenekoagatik Europako punk talde errebelazioen artean sartzea lortu zuten.  Hauekin batera Arrasatetik, StreetPunk eta Oi! Doinuekin Des-Kontrol taldea arituko da. Urte dezente oholtzetatik kanpo ibili ondoren, 2017an bueltatu zen kontzertu berezi bat emateko asmoz. Adi, ez dagoelako garbi denbora luze batean beraien azken kontzertua izango ote den.

Astelehenean, abuztuak 13, Abordatze egunari emango zaio pausoa. En Tol Sarmiento boskote arabarrak astinduko du arratsaldean kalejira amaiera bere ska/rock ukituarekin. Gauean, Ezetaerre galiziarrek, hip hop-ari helduko diote galiziar hutsean, euren hitz zorrotzekin aldarrikapen politiko eta kulturala tarteko. Abordatze egunari amaiera apoteosikoa ematearren, Skakeitaneko donostiarrak arituko dira jo ta su. “Galera” azken diskoarekin garatu duten rock-fusio estilo berezi horrek inguruko festibal ezagunetara eta atzerrira eraman ditu gazteak.

Asteartean, elektronika eta emakumeak izango dira protagonista, Krii Kolektiboaren eskutik. Frances Be, Irati Ortiz de Mendibil aka “Les Alsborregach” eta Ines Garcia Azpiazu “Eddie Mae” DJ-ak saio potentearekin datoz, house, techno, beats eta doinu dantzagarriak nagusi.

Asteazkenean, abuztuaren 15ean, ska-reggae-dancehall doinuek hartuko dute Flamenkako eszenatokia, Green Valley eta Mad Muasel izango dira protagonista. Green Valley, Arabako txokoetan sound system formatu txikian hasi eta Bartzelonan garatu den taldea da, pixkanaka estatu espainiarreko Reggae eta Dancehall erreferente bilakatu dena. Mad Muasel artista bilbotarrak urteak daramatza panorama musikalaren parte izaten. Gaur egun, hiru disko argitaratu ostean, reggaearen eta dancehallaren erreferentzia internazionala bihurtu da, kritika sozialez, dibertsioz eta egiazaletasunez beteriko kantei esker.

Osteguneko gaua, rockeroa izango da, edo ez da izango. Donostian rockak eta estonerrak izenik badute, horiek Ursula Strong eta Koldo Soret dira dudarik gabe: Niña Coyote eta Chico Tornado. Ibilbide luzeko bikote honen « Eate » azken proiektuak ez du inor axolagabe uzten, ezta Flamenkako eszenatokia ere. Miren Narbaizaren « MICE » bakarko proiektua izango dute lagun.

Ostiral gauean, abuztuaren 17an, euskal rock eta folk musikaz beteko da Flamenka gunea, Olatz Salvador donostiarra eta Anje Duhalde lapurtarra izango direlako bertan. Dagoeneko aurkeztu beharra ez den artista da Anje Duhalde, 1970tik euskal kantagintzaren historiarekin lotura zuzena izan baitu. Bakarkako bideari ekin aurretik Errobi edota Akelarre bezalako talde mitikoetan ibilia da.

Serrulla errebelazio donostiarra eta Belako mungiatarrak itxiko dute Flamenkako azken gaua, larunbatez, abuztuaren 18an. R&B, pop eta rock doinuez osatutako “1⁄4 Life” diska aurkeztuko du Serrulla artista gazteak. Jarraian Belako taldeak bere punk-rock eta melodia elektroniko beroekin hartuko du eszenatokia. Jendearen ahotan dagoen « Render Me Numb, Trivial Violence » euren hirugarren lan luzeaz gozatzeko aukera paregabea.

Kofradiak Dono$tia abordatzeko prest

Flamenkako musika egitarauaz gain, beste aukera ugari egongo da musikaz gozatzeko Aste Nagusi Piratan zehar. Musikaz harago ere, hainbat adierazpen kulturalek osatuko dute Donostiako Piraten egitarau oparoa, mugimendua osatzen duten hamabi kofradiak ekimen ugari prestatzen ari direlako. Laster izango duzue guzti honen berri. Gogoratu ere, urtero legez Aste Nagusi Piratari Irrikitaldiarekin emango zaiola amaiera igandez, abuztuaren 19an.

 

IDATZI IRUZKINA