Gure baloreak

Abordatzea!!

Abordatzea!!

 

Jaia eraldaketa sozialerako tresna da. Eguneroko bizitzan hain barneratuta dauzkagun ideiekin hautsi eta jaiari beste balio bat emateko egiten dugu lan. Jaiaren eremuan ikaragarrizko lana egin daitekeela uste dugu, herritarrei balioak transmititu, bestelako harreman motak sustatu, geure artean antolatzeko modu egokiagoak praktikan jarri… Azken finean, gizartearen gainontzeko eremuetan landu daitezkeen aukera berriak esperimentatzen ditugu, pixkana geure bidea egiten joateko.

Ondorengo baloreetan jartzen dugu indarra:

 

Partaidetza: Herritarren parte hartzea oinarrizkoa da gizartearen esparru guztietan. Jaien antolaketan ere bai. Herritarrik gabeko herririk ez dagoen bezala, ez da jairik herritarrik gabe. Ikusle eta kontsumitzaile huts nahi gaituztenen aurrean, norberaren eta taldearen autonomiaren alde egiten dugu. Parte hartzea, bestetik, eraldatzailea da, edo ez da ezer izango. Hau da, parte hartzea egun indarrean dauden balioak eraldatuko dituen tresna dugu.

 

Parekidetasuna: Gizon eta emakumeei egokitutako rolak bere horretan onartuko ez dituen eredua garatu nahi dugu. Bakoitzaren berezitasunaren araberako leku irekia da gurea, era guztietako izaerak onartuz, generotik kanpo egiten den jai eredua. Aukera berdintasunean oinarritu nahi dugu, pertsonen garapen integralaren bidean, gure bizitza proiektuaren jabe izateko. Hurbileko inguruarekin elkarbizitzan, behar ditugun gaitasunak lantzeko guneak ireki nahi ditugu.

 

Euskalduna: Euskarak bizi gaitu eta euskara bizi dugu. Euskaraz bizi gara. Euskara dugu arnas. Erabat euskaraz funtzionatzen duen mugimendua da hau, eta elebitasun tranpatiaren aurrean lan egiteko modu bat agerian jartzen ari gara. Hiriko euskaldunentzat arnasgunea da hau, euskaraz normaltasun osoz jardunez.

 

Auzolana: Herri-ekimena elkarbizitza lantzeko moduak dira, baita baloreak praktikaren bitartez transmititzeko aukera ederra ere. Antolatutako herriak bere bilakaeran eragiteko gaitasuna du, eta herritarrok protagonista izan gaitezen bizi dugun garaiotan, autoantolaketa funtsezkoa da. Auzolana dugu oinarri gure jardueran.

 

Autogestioa: Ez dugu diru laguntza publiko ez eta pribaturik jasotzen. Norberaren ekarpenak ahalbideratzen du mugimendu hau. Gure gastuak ordaintzeko planteamendu jasangarria egiten dugu, eta gure eskaintza orok doakoa behar duela ulertzen dugu. Prezio apalen politika aplikatzen dugu. Gure jarduera buruaskia da erabat eta horrela bermatzen dugu ez dugula inoren interes ekonomikoen dependentziarik. Gure guneak guk kudeatzen ditugu, eta dena amaitzean, lehen bezala edo hobeto uzten saiatzen gara.

 

Irudimena eta sormena: Herritar otzanak nahi gaituzte. Kolore guztietako amarruen bitartez, etxean nahi gaituzte, gure baitara bilduak, aldamenean zer dagoen ezagutu ezinik. Urratsez urrats, bestelako mundu bat eraikitzen joateko, irudimena eta sormena aldarrikatzen ditugu.

 

Edozer dugu posible Donostia Piratan. Aborda dezagun Dono$tia!

 

Elektrotxaranga pirata - Makurtzen ez dena...

Elektrotxaranga pirata – Makurtzen ez dena…