Traganarrua

Intxaurrondoko Kofradia
Auzoko bazter txikieneraino ekarriko dute Traganarruek Aste Nagusiaren esentzia, interazioa hedatuz, alaitasuna eta jaia ditugu ipar-orratz.

Traganarrua, Tragarroia, Tornadoa, Mangera, Trabañarro, Tronpa… Itsas jeinuak izendatzeko hamaika hitz ditugu euskaldunok. Haize eta ur zurrunbilo ikaragarriak, mendeetan zehar marinel eta arrantzaleen amesgaizto izan dira, baita Piratenak ere.

Traganarruaren antzera, bazterrak nahastu eta festa Donostiako bazter urrunenetara eramateko asmoz sortu gara. Gu ere festazaleak gara eta Jaia Donostiako txoko berezienetako batera ekarriko dugu, Intxaurrondora.

Intxaurrondo, beste askoren antzera, ahaztutako auzoa da hiriburuan. Periferikoa, zentroarekiko urruna. Auzo Periferikook normalean ditugun arazoak Aste Nagusian areagotu egiten dira, jendez hustu egiten zaizkigu kaleak, uholdetan jaisten gara jai-gune nagusietara, mareak behera egiten du,… Ukatu egiten zaigu gure auzoan festaz gozatzeko aukera. Dena ilun geratzen da, hilda.

Baina marea gora dator! Badator enbata! Bagatoz Intxaurrondotarrok Traganarru eta guzti! Donostiako festak Intxaurrondora iritsiko dira: Piratok ekarriko ditugu. Ez izozki eta suzirien festak, ez da gurea marko inkonparablea. Guk eraiki eta egingo dugu gure festa: Intxaurrondotarrok, Intxaurrondon eta denentzat.

Haizea hasi da harrotzen, itsasoa ari da oldartzen...

Jarrai gaitzazu sare sozialetan:

BESTE KOFRADIAK