Donostia 2016: Herri Kulturen aldeko brindisa

|
2016-02-06
|
0

2016an ere Dono$tia eta €ultura abordatzen jarraituko dugula ospatzeko Herri Kulturen aldeko brindisa egin genuen pasa den larunbatean. 2016aren ondoren ere hemen lanean jarraituko dugunon alde... topa! Brindisean ateratako argazkiekin galeria zoragarria osatu dugu Flickr-en. Ikusi nahi badituzu, sartu hemen! Brindisean irakurritako testua: Eskerrik asko Donostiako Piraton deiari erantzun eta herri kulturen aldeko brindis honetara etortzeagatik! Gaur izendatuko dute ofizialki Donostia Europako Kultur Hiriburu 2016 urterako. Ohorea ote gurea? Donostiako Piratok, jai herrikoien aldeko mugimendu gisa, herri kulturatik eta herri kulturaren alde egiten dugu lan sortu ginenetik. Ez gara bakarrak Donostian, noski. Logikak dio aurten kulturaz bolo-bolo hitz egin behar genukeela hirian. Baina ekitaldi handietatik harago, hirian kulturaz hitz egiten ari garela iruditzen zaizue? Europako 2016. urteko Kultur Hiriburuan kulturaz hitz egiten da? Sakon? Ez dugu ustez hiri bezala kulturaren gaiari bere potentzial eta sakontasun guztiarekin eutsi diogunik. Hiriburutza hasi den honetan, galdera bat mahai gainean dago: zer bultzatuko da 2016ko Europako Kultur Hiriburutza honekin? Kulturaren kontzeptua musika, antzerkia, jakintza eta gisako jarduerei erreferentzia egiteko erabiltzen da. Hala ere, kontua asssskoz harago doa. Xabier Paya bera horixe azaltzen saiatu zen 'Berria' egunkarian egin zioten elkarrizketan. Horrela zioen: “Natura berez gertatzen dena da, eta kultura, gizakiak egin duen gainerako guztia”. Mundua ulertzeko modua da kultura, mundu-ikuskera, mundua bizitzeko modua da kultura. Edo moduak, pluralean. Gure ekintzek zentzua hartzen duten testuingurua da kultura. Eta testuinguru honetan, guretzat herri kulturak ikaragarrizko garrantzia du. Herritar askoren nortasunaren parte da. “Elkarrekin bizitzeko Kultura”. Horixe da Kultur Hiriburuak zabaldu duen lelo ponpoxoa. Gu ados gaude horrekin: Elkarrekin bizitzeko kultura. Enbidoari eutsi, eta bost gehiago: Elkarrekin biziko diren kultur ereduak diogu guk. Ofiziala eta herrikoia, adibidez. Egitarau ofizialean erakargarri eta interesgarri zaizkigu hainbat ekitaldi izango ditugu aurten. Horietako asko bat datoz Donostiako Piratak mugimenduaren balioekin eta ikuspegiarekin. Hamaika ekimen ikus ditzakegu kultur egitarauan guk sustatu nahi ditugun balioak sustatzen hor barrutik. Ez dugu zalantzarik: proiektu batzuek ekarpen positiboa egin dute beren esparruan. Gainera, gurea bezalako mugimendu zabalean ere, Pirata asko, modu indibidualean, egitarau ofizialeko hainbat egitasmotan ari gara lanean. Ez gaude, noski, kontraesanetatik salbu. Eta eskerrak! Badakigu zein garai eta zein tokitan bizi garen; beraz, orain gutxi esan dugun bezala, zorte on kultur eragile guztiei. Hala ere, Kultur Hiriburutza ez da egitarauan amaitzen. Ezin dugu kulturaz edo kulturez hitz egin boterearen aldagaia aipatu gabe. 2016an sartzeko bi hilabeteren faltan, 2015eko azaroan, bi hilabeteko erresistentziaren ostean, kultur eredu ofizialak kultur eredu herrikoia nola azpiratu zuen ikusi genuen Kortxoenean. Legez kanpo gainera. Inongo baimenik gabe, atea mailukadaka hautsi eta goizaldean dozena bat pertsonak, aurpegiak estalita eta metalezko zilindroak eskuan bota zituzten eraikin bat baino gehiago zen Kortxo fabrika zaharra defendatzen ari ziren kideak. Handik minutu gutxira udalak eraisketa baimena eman zuen. Askok altxatu genuen ahotsa eta babesa erakutsi. Jende ugari mugitu ginen kultur eredu autogestionatuaren alde. Baita Udalak oso gertu dituen hainbat erakunde eta 2016 Kultur Hiriburutzako langile talde bat ere. Eta, hala ere, eraitsi egin zuten hirian funtzio garrantzitsua betetzen zuen proiektua. Eta egun, zertan da Kortxoeneako kideek eskatu eta Udalarena den Cemoria kaleko eraikinaren gaia? Noizko planteatuko du Udalak soluzio bat, Iruñea eta Baionan udalek egin duten bezala? Piraton ustez, Donostiako Udalak ezin du beste aldera begiratu arazo honen aurrean. Pilota bere teilatuan dauka. Agerian geratu da kulturaren gaineko diskurtso neutroak ezkutatzen zuen azpijokoa. Kulturaren eremuak ez daude eguneroko bizitzatik isolatuta, eta, beraz, kulturan ere, bizitzako gainontzeko eremu guztietan bezala, gizarte gatazkak islatzen dira. Eta hala egin nahi dugu, herri mugimenduetatik, elkarteetatik, txindurri lanetik. Kulturatik, herri kulturatik zehatzago esateko, dolarrarekin idazten dugun Dono$tia hori abordatu nahi dugu. Nora doa Donostia? Donostiako Piratok gure kezka adierazi nahi dugu. Dolarraren ikurrarekin definitu izan dugun Dono$tia horren eredua indartzeko asmoa ikusten dugu erabaki askoren atzean. Gentrifikazioa arazo bilakatzen ari zaigu Donostian. Hitz hau buruan hartu behar dugu: Gentrifikazioa. Batzuetan hiriko guneen birmoldaketa edo eraberritze azkarren ondorioz, eta beste leku batzuetan ia-ia oharkabean. Kafesnetik hasi eta etxebizitzaren prezioraino, hiria garestitzen ari da. Beste leku batzuekin konparatuz eutsi egin zaio oraindik, baina jendea pixkana periferietara joaten ari da; hori errealitatea da. Geroz eta etxe gehiago erabiltzen dira turismorako. Donostiarrontzat geroz eta zailagoa da Donostian bizitzea. Zer gertatuko da Tabakaleraren eraginez Egia auzoan datozen urteetan? Zein eragin izango du Amarako auzotarrengan San Bartolomeko obra urbanistikoak? Zer gertatuko da Saguesen ireki nahi duten hotelarekin? Zer San Martin eta Bretxako merkatuetan, edo hiriko erdigunean oro har? Horrez gain, aurten AHTa iritsiko da Donostiara. Udalaren hitzetan, Metroa izango da bere proiektu izarra. Zer gertatuko da herritarrokin enpresek kaian eskua sartu eta Kirol Portua egiten dutenean? Zer gertatuko da kaia, administrazioak administrazio, Eusko Jaurlaritza edo Donostiako Udala, zer gertatuko da kaian ospatzen diren jai herrikoiekin Kaira begira egin nahi dituzten bi hotelen ondorioz? Galdera asko ditugu egiteko: Zeinen mesedetan diseinatzen dira eraberritze planak? Zer gertatuko da kaia kudeaketa pribatuaren esku geratzen bada? Donostiako Piratok ez daukagu arazorik aitortzeko: kezkatuta gaude. Ez zaizkigu oharkabean pasatu kaian egin asmo dituzten lanak edo Lasala plazan, kaiari begira egingo duten hotela. Iaz ezin izan genuen nautikoan musika elektronikoa eskaini. Aurreko urteetan ez bezala, eta Jazzaldian Heinekeni uzten dioten arren, iaz ez genuen horretarako baimenik izan. Guk ez. Zeinen interesei erantzuten diete halako erabakiek? Hori da instituzioek jarraituko duten norabidea? Donostiako Piratok aurrerantzean, 2016 honetatik hasita, lanean jarraitzeko oztoporik ez izatea espero dugu. Azken urteetako lanari esker, milaka lagun urtero balio eraikitzaile batzuetan oinarritutako festan murgiltzea lortu dugu. Eta ez gara bakarrak. Gauza bera esan daiteke hemen,auzoz auzo eta esparruz esparru, lanean ari diren eragileez. Askotan elkar ezagutzen ez badugu ere, ikaragarri gara bestelako mundu baten alde behetik gora lanean. Gazteen ikuspuntutik, feminismotik, ekologismotik, internazionalismotik, euskaltzaletasunetik, autogestiotik, jai herrikoietatik, animalien eskubideen mugimendutik, kontsumo taldeetatik, auzo elkarteetatik, hedabide herrikoietatik, txirrindularien aldeko jardunetik, kulturgintzatik, giza eskubideen aldeko mugimenduetatik, arrazakeriaren aurkakotik, integrazioaren aldekotik, etxe kaleratzeen aurkako borrokatik. Eta abar eta abar eta abar. Zenbat jende ari den inurria bezala lanean hiri honetan! Egia esan, zaila izango da aurten baino urte egokiagorik aurkitzea, mahai gainean jartzeko herri kulturan lanean ari garen eragileon lanak errespetua merezi duela. Kultur eredu guztiok bizi behar dugula aldarrikatzeko. Erakundeetatik ez dadila oztopatu gure lana. Herritarrok gai honekin adi egon gaitezela. Haien hitzetan “Europako kultur identitatea sustatuko da Hiriburutzaren bidez”. Baina ze kultur identitatez ari gara? Ze Europaz? Gure aurretik pasa diren Europako Kultur Hiriburu bakoitzean, urtez urte, leku bakoitza berezi egiten duen kultura kapitala erakartzeko baliatu dute. Munduko hirien arteko marka lehiaketa batean sartu gaituzte. Eta guk, Donostian, badirudi hiri marka indartsua dugula. Munduko turismo rankingetan aspaldi sartua da Donostia. Munduko milaka hiritan ikusten den bezala, hirietan inbertsioak hasi eta kapitala sartu ahala, hiri horiek berdindu egiten dira, eta hiri horietako kultur aniztasuna ezabatzen joaten da. Mundu osoan gauza bera jan, arropa berak jantzi, musika bera entzun, berdin dibertitu eta azken finean kultur eredu komertzial bera sustatzen ari dira. Donostia ere korronte nagusi horretan ito nahi dugu? Guk ez. Alde guztietan entzun dugunez, “bisitari ugari” espero eta desio dira aurten Donostian. Turismoari erabat emana dagoen hiria daukagu aurrez aurre. Duela zenbait urte, Parte Zaharreko Bizilagunen Elkarteak ahotsa altxatu zuen; Egunkarian argitaratu zuten gutun batean gogorazi zuten 2013an 991.000 turista igaro zirela Donostiatik. 2014an milioi bateko muga gainditu zen; marka guztiak hautsiz. 2020rako Eusko Jaurlaritzako turismo zuzendariak 4 milioi turista etortzea espero du eta Donostiako Sustapen zuzendariak esan zuen 2016an 9 milioi turista etorriko direla Donostiara! Inork kalkulatu al du proportzionalki banaketa eginda Alde Zaharrera egunero 24.600 turista etorriko liratekeela? Egiazki, norbaitek uste du hori posible, positibo eta desiragarria dela?”, galdetzen dute. Erakundeek turismoa erakartzea beste gauza guztien gainetik jartzen badute, eta donostiarren beharrak aintzat hartzen eta errespetatzen ez badituzte, ondorioak ez dira desiragarriak izango. Ez behintzat herritar gehienon ikuspuntutik. Donostiako Sustapen zuzendariak aitortu du hiria “high-cost” bilakatzen ari dela eta gazteek zailtasun bereziak dituztela bertan bizitzeko. Hori al da nahi duguna? Hala ere, iritsi den bezala, 2016a joan ere egingo da. Eta guk, guk guztiok, bertan jarraituko dugu. Kontua eustea da. Lanean jarraitzea. Behetik gora, gure ametsen alde eta Donostia hobe baten alde lanean jarraitzea da kontua. Kultura eredu nagusiaren aurrean, herri kultura sustatzen dugun eragileon lanari dagokion garrantzia eman behar diogu. Ahal den neurrian elkar indartu eta elkar babestu. 2016 Europako Kultur Hiriburutzak eragin handia izango du hirian. Beste kultur hiriburuetan, herri mugimenduen gainetik pasatu dira agintariak Hiriburutzaren aitzakiarekin. Marseillan, adibidez, 2013ko Europako Kultur Hiriburu izan behar zutela baliatuz, hiria betiko aldatu zuten. Troyako zaldia bezala, pozez hartu zuten hiriburutza, eta herritarrak kultur ekitaldietan pozarren ziren bitartean, hiria kanpoko espekulatzaileei saldu zieten. Eraikin bloke osoak erosi zituzten, jendea bota, eraberritu eta garesti saltzeko. Hurrengo urtean konturatu ziren marseillar asko zer gertatu zen Hiriburutzaren urtean. Segurtasunaren izenean hiria kameraz josi zuten, ordura arte Aljeria eta tunisiatik joaten ziren itsasontzien ordez, turistentzat kruzeroak sartzeko kai modernoa egin zuten, bertako mugimenduak susmagarri gisa hartu... Marseillatik Donostiara etorri zen pertsona batek azaldu zigunez, ordutik hainbat auzotako jai herrikoiak desagertu egin dira Udalak espazio publikoa pribatizatu zuelako. Sarraskia egin zuten ikuspegi askotatik begiratuta. Ez dugu Donostian halakorik gertatzerik nahi. Horrez gain, aukera baliatu nahi genuke adierazteko Donostiako Piratak ez dugula asmorik hirian 2016aren inguruko eztabaida dinamizatzeko. Ez dugu uste guri dagokigunik funtzio hori. Guk geure esparrutik badugu nahikoa. Hala ere, esan berri dugun bezala, auzoz auzo eta esparruz esparru, ez gara gutxi bestelako Donostia baten alde lan egiten dugunok; askok eman dugu lan horretan gure denbora, gure indarrak, gure nekeak, gure kezkak, ametsak, irribarreak, negarrak, haserre eta besarkadak, bilerak, eta bilerak, eta bilerak eta bilera osteko pote informalak. Baina batez ere askok jartzen dugu bestelako Donostia baten alde gure ilusioa eta lanerako grina. Donostiako Piratok geure irakurketa propioa egin dugu, herri kulturen etxe eder eta zabal honetan, Kultur Hiriburuari begiratzeko leiho bat ireki nahi izan dugu. Jai herrikoien leihotik, azaldu berri dugun bezala ikusten da 2016a. Urtea luzea da, eta irrikan gaude gainontzeko eragileen leihoetatik nola ikusten den jakiteko, elkar hobeto ulertzeko, elkar aberasteko eta elkar babesteko. Ez daukagu erronka makala aurrean. Europako Kultur Hiriburutza bat, bere eragin guztiekin. Ardura ere ez da makala: dolarraren eta euroaren ikurrez idazten diren Donostia eta kultura abordatzea. Beraz, brindis honetara deitu nahi izan dugu herri kulturen alde. Gu guztion lanaren alde. 2016an ere jarraituko dugulako. Topa!

IDATZI IRUZKINA