Donostiako Piratak laguntza eske

|
2014-08-13
|
2

La Flamenka gunea ekaitzaren erdian.

La Flamenka gunea ekaitzaren erdian.

Bart goizaldeko 1:30-2:00 bueltan sekulako ekaitza hasi zen La Flamenka gunean 3.000 bat pertsona geundela. Esne Beltzaren emanaldia hastear zen eta haize indartsua zegoenez, segurtasun plana martxan jartzea erabaki genuen. 5 minututan antolakuntzako piratok peto horiak jarri eta kaia hustu genuen, edozeren gainetik dagoelako denon segurtasuna. Suhiltzaileak eta ertzainak etorri zirenerako gunea hustuta genuen eta arrisku nagusia haizeak karpa nagusiaren zutabeak mugitzea zen. Une zailak izan dira, urte osoko lana eta ilusioa gure begien aurrean zapuztear egon delako. Hala ere, garrantzitsuena da inork ez duela minik hartu. Gure guneak horrela ikustea tristea izan da.
Gaurko goiza kalteen kontaketa egiten igaro dugu, eta egoera oso latza da. 90.000 eurotik gorako kalteak izan ditugu. Programarekin aurrera jarraitzeko erabakia hartu dugu, baina baliteke egitarauan aldaketa batzuk gertatzea. Hala ere, aitortu beharrean gaude, kolpe handia izan dela. Kalte material handiak eragin dizkigu, batez ere musika materialean eta azpiegituran. Haizeak eta euriak tresna asko txikitu ditu eta jai herrikoien proiektua oso oso ukituta geratu da. Pena da, mugimendua geroz eta anitzagoa dugun honetan, geroz eta osoagoa den honetan, balioen lanketa geroz eta indartsuagoa den honetan, gau txar baten erruz kolokan geratzea. Ez gara besoak gurutzatuta geratuko, ordea. Aste Nagusia amaitu aurretik programazioan ez dauden ekimen berriak lotzeko lanean ari gara. Baina batez ere, argi esateko, gure kontu korronteko zenbakia emango dizuegu. Bakoitzak ahal duen neurrian laguntzeko aukera izan dezan. 3035 0149 45 1490027294 Baita ere, gonbidatzen zaituztegu geratzen diren egunetan La Flamenkara, Kantina Piratara eta Nautiko gunera zaitezten, eta mugimenduaren parte izaten. Une hauetan, inoiz baino gehiago, babesa behar dugu. Beste behin, guztien laguntzaz eta elkarrekin lanean, edozer dugula posible erakutsi behar dugu, orain inoiz baina indartsuago. Pena handia izango litzateke Donostia abordatzeari utzi behar izatea gau oker baten erruz. Denon artean, suertatzen diren egoera eta oztopoei aurre egin diezaiekegulako. Eskertu nahi dugu baita ere, bart gauean laguntzen aritu zineten guztiei, eta baita gaurko egunez jasotzen ari garen animo mezuei eta laguntzari ere. Besterik gabe, milesker guztioi eta animo asko denoi!   _MG_4827

IDATZI IRUZKINA

 

 

IRUZKINAK

Gasteiztik animo handiak!!!
Zein kutxatako korronte zenbakia da (laboral kutxa,…)?
Bertatik ere pasako gea!!
Animo handiak, jo ta ke jai herrikoien alde!!!!!
DENA DA POSIBLE, ederki erakutzi dezue zuen lanarekin urte guzti hauetan
BESARKADA BERO ETA GOXUAK
GORA PIRATAK!!!!