Ekaitzak kalteak eragin dituen arren, Aste Nagusia auzolanean aurrera

|
2014-08-13
|
1

Bart goizaldeko 00:30-01:00 bueltan sekulako ekaitza hasi zen La Flamenka gunean, 3.000 pertsona inguru geundela. La Gossa Sorda taldearen kontzertua amaitu berri eta Esne Beltzaren emanaldia hastear zen, baina haize handia zegoenez, segurtasun plana martxan jartzea erabaki genuen. Bost minututan antolakuntzako piratok peto horiak jarri eta gunea desalojatu genuen, edozeren gainetik dagoelako denon segurtasuna. Suhiltzaileak eta ertzainak etorri zirenerako gunea hustuta genuen eta arrisku nagusia haizeak karpa nagusiaren zutabeak mugitzea zen. Une zailak izan ziren, urte osoko lana eta ilusioa gure begien aurrean zapuztear egon zelako. Gaua bertan egin dugu, segurtasuna bermatzeko. Kolpe handia izan da, kalte material handiak eragin dizkigulako. Gaur goizean kalteen dimentsioa neurtzen ari gara. Batez ere musika ekipamenduetan, Nautikoko DJ gunean eta haizeak bota zuen barran izan ditugu kalteak. Jakinaraziko dugu aurrerago ea zer neurri hartuko dugun gai honi dagokionean. Hala ere, garrantzitsuena da inork ez zuela minik hartu. Gure guneak horrela ikustea tristea izan zen arren, ibiltzen denari gertatzen zaizkio halakoak. Oso egoera zaila den arren, hunkigarria izan da gure jendearen erantzuna, eta berretsi nahi dugu, ikaragarrizko jendea dela mugimendu hau osatzen duguna. Eskerrak eman nahi dizkiogu publikoki, une zail horietan, gunea hain azkar desalojatzen lagundu diguten pirata guztiei, eta adibide batzuk ematearren, Alde Zaharreko tabernek pintxoak eta kafe beroa ekarri dizkigute gauean blai lanean ari ginenoi, bizilagunek arropa lehorra jaitsi digute... Lehen ondorio argi bat atera dugu: Behin eta berriz esaten dugu edozer dugula posible, eta berriz ere erakutsiko dugu. Aste Nagusi Pirataren erdian halako kolpea jasotzea gogorra izan da, baina gai gara halako krisitik indartuta ateratzeko. Goizean gunea berreraikitzeko deialdia luzatu dugu kofradietara, eta aurtengo leloak dioenez, elkarrekin arraun egiteko ordua da. Aste Nagusi Piratako egitarauarekin aurrera jarraitzea erabaki dugu. Guztion laguntzaz aurrera egingo dugu. Gora jai herrikoiak. Gora Donostia Pirata.

IDATZI IRUZKINA

 

 

IRUZKINAK

ANIMO!! Pena handia da bainan aurrera piratak!!!!Hiru argazki igota
http://www.flickr.com/musikooperatiba

Bideoa: http://www.youtube.com/musikooperatiba

Mila Esker piratak!!!!