Errefuxiatuek botako dute txupinazoa Aste Nagusi Piratan

|
2016-08-05
|
0

Kaixo piratak! Dakizuen bezala, Piratontzat funtsezkoa den balore bat oinarri hartuta lan egiten duten eragileek botatzen dute urtero Aste Nagusi Pirata irekitzeko txupinazoa. Argi ikusi dugu errefuxiatuen gaia bisibilizatu nahi genuela eta, horregatik, Aste Nagusian errefuxiatuek botako dute txupinazoa, Aingura Kofradiak lagunduta etorriko den Ezkila Kapitainarekin batera. Txupinazoa abuztuaren 13an izango da, larunbatean, La Flamenkan 18:30ean. https://youtu.be/-M7LvsGuong Errefuxiatuen drama mahai gainean jartzeko beharra Elkartasuna funtsezko balorea da Piratontzat, eta hala izanik, ezin genion bizkar eman azken aldian hainbeste hildako eragiten ari den dramari. Europar Batasuneko agintari politikoak modu lotsagarrian jokatzen ari direla uste dugu, eta gudatik eta pobreziatik ihesean ari denari ezin zaiola hesirik jarri. Are gehiago, beren herrialdeak hankaz gora jarri dituztenak Mendebaldeko potentziak direnean. Mediterranoan itotzen edo haragian zauri sakonak egiten dizkieten txarrantxetan kateaturik ikusten ditugu errefuxiatuak. Babesleku izango den kai segurua eskaini nahi diegu Kantauriko kostan, gure hirian. Guk argi daukagu: bizirautea ez da delitua eta ozen diogu: ongi etorri errefuxiatuak. Gosea, biolentzia, matxismoa, inposaketa eta fanatismoa atzean utzi nahian milaka kilometro zeharkatzen ikusten ditugu milioika pertsona. Gure herrian ondo ezagutzen dugu babes bila dabilenari aterpe ematea zer den. Horren erakusle da, adibidez Kateryna Kirsanova, Euskal Herrian urte eta erdi daraman ukraniarra. Edo Hassanna Aalia, Marokok bizi osorako kartzelaratu nahi duen gazte sahararra. SOS Arrazakeriako kideei eskerrak eman nahi dizkiegu gai honetan bidelagun izan ditugulako eta Aste Nagusian gaia mahai gainean jartzen lagunduko digutelako. Aingura kofradiaren bidelagun izango da aurten Ezkila Kapitaina Matti ez da bakarrik ibiltzen Aste Nagusian, Ezkila Kapitaina izaten du alboan. Urtero kofradia batek izaten du Ezkila eramatearen ardura eta aurten Ainguraren txanda da. Aingura kofradia ere errespetuan oinarritzen da, ingurugiroari izan beharreko errespetuan hain zuzen ere. Bertako ekonomia sareen bultzatzaile sutsuak, ingurugiroa zaintzea eta jaia egitea bateragarriak direla erakusten egiten du lan kofradia honek. Pixkanaka pixkanaka Aste Nagusi Pirata eraldatzeko urratsak ematen laguntzen digu Aingurak.

IDATZI IRUZKINA