Hasi da Aste Nagusi Pirata: 15 urteko enbata, Gora Donostia Pirata!

|
2017-08-12
|
0

Dagoeneko hasiera eman diogu 15. Aste Nagusi Piratari! Kofradia guztiak elkarrekin kalejira egin ondoren, Porrotxen laguntzarekin itsasontziz etorri den Ezkilari harrera egitera joan gara piratak. Aurten Matti ezin izan da itsasontziz etorri, Alcobendasen baitaude Sara eta Izar. Flamenkara iritsitakoan oholtzara igo eta hitza hartu dute Porrotx, Ezkila eta Haizeak, Sararen ahizpak.

Haizea izango da Aste Nagusi Piratan zehar Sara eta Izarren begi eta ahotsa. Baina txupinazoa oso momentu berezia denez, Alcobendasetik bidali diguten mezua entzun ahal izan dugu Flamenkan bertan.

Horrelaxe eman dio hasiera Aste Nagusi Piratari Ezkila kapitainak:

Hemen gara, Donostiako Piratak. Heldu gara 15.aldiz Dono$tiako kaira! Aurten Ubarroien eskutik helduta nator, haien kaia den Gros auzotik Dono$tia 15.urtez abordatzeko asmo sendoarekin. Bidelagun ditugu Groseko Jai Batzordea eta Auzo Elkartea ere.

Lau urte igaro dira auzotik eta auzoarentzako sortu zirela Ubarroiak. Dagoeneko badira lau urte Groseko auzo elkartearen eta Zipotz eta Legamiren laguntzaz Gros abordatu eta hau auzo bizi, bihurri eta pirata bilakatzeko hautua egin zutela! Grosen asfaltopean dute altxorra, eta bazter guztiak indarrez eta umorez astintzeko gogoz datoz!

Kaira gogor eusteko asmoz iritsi gara 15. Aste Nagusi Pirata honetara. Hala ere, aurtengo abentura ez da aurreko urtetakoa bezalakoa izango. Aurten, bidaia, Matti gabe egin behar izan dugu, eta Sara eta Izar gabe igaro beharko ditugu datozen egunak ere. Aste Nagusi Piratak Ezkila eta Matti behar ditu, horregatik bihotzez eta ozen aldarrikatuko dugu: Izarrekin Sara etxera! 15 urte hauetako enbatak helarazi diezazuela muxu handi bana Alcobendaseraino. Sara eta Izar: biba zuek!

Hastear da Aste Nagusi Pirata. Piztear dira festa, umorea eta alaitasuna! 9 egunez bete ditzagun kaia, plazak eta auzoak alaitasunez eta aldarrikapenez!

Gora Groseko auzo elkartea! Gora Ezkila, Zipotz eta Legami! Gora Izar eta Sara!
Gora Piratak Kaian!

Hemen ikusi ditzakezue txupinazoko eta pretxupinazoko argazki batzuk:

IDATZI IRUZKINA