Jasangarritasunean eta aniztasunean, aurrera!

|
2015-06-13
|
0

Ekainaren 6a batetik bestera pasa genuen piratok.  Alde batetik Alternatiben Herrixka izan zen Antiguan, aldaketa klimatikoaren aurrean aukera, informazio eta esperientzia ezberdinak elkarbanatzeko topaketa. Ekologismo, autogestio, parekidetasun eta jasangarritasunaren aldeko apustua egiten dugun honetan, Donostiako Piratak ere herrixka berezi honen sorreran lagundu genuen beste eragile askorekin batera. Goizean muntaia lanetan aritu ginen, Matia kalea oinezkoena bilakatuz eta eragile ezberdinek erabiliko zituzten informazio postuak eraikiz. Piratok ere geure postutxoa izan genuen egun osoan zehar! Ezin ahaztu azken asteetan pirata askok eta askok eman zenuten arropa piloarekin bigarren eskuko azoka antolatu genuela elizaurrean. Aupa zuek! Denetarik genuen azokan: kamixetak, galtzak, mozorroak ziruditen berokiak, gerrikoak … baita igerilekurako txanoak eta eguzkitarako krema pote pare bat ere!

Jai jasangarrien lanketan aurrera jarraitzeko klabe ugari jaso genituen Matia kale erdian ere, EHZ, Gora Iruñea! eta Eguzkizale Konpartsako kideekin esperientziak, galderak eta erantzunak elkar trukatuz. Ezin ahaztu horren ondoren frontoian giro paregabean ospatu zen bazkari mundiala!

Eta arratsaldean, pirata batzuk Antiguan geratu ziren bitartean, beste hainbat Alde Zaharrera joan ginen hirugarren urtez EH11Koloreren Aniztasunaren Festan parte hartzera eta hamaika kolore eta aurpegietako Donostia bat nahi dugula aldarrikatzera. Bost kontinenteetako tribuak osatu genituen berriz ere, aurten SOS Arrazakeria eta Kolore Guztiak elkarteetako lagunekin batera. Primeran pasa genuen beste behin ere tximuak bezala dantzan eta saltoka!

Larunbat betea izan genuen beraz, aurreko astekoa piratok! Eta jasangarritasuna, berrerabilpena, elkartasuna, parekidetasuna eta aniztasuna festarekin bat datozela frogatu genuen beste behin ere!

Hemen dituzue bi ekimenetako argazkiak: Alternatiben Herrixka  eta  EH11Kolore .

Aurrera piratak, jarrai dezagun Donostiako txoko bakoitza abordatzen!

IDATZI IRUZKINA