Aingura Kofradia sortu dugu!

|
2014-02-08
|
1

Aingura kofradia!

Aingura kofradia!

Antolaketa eredu berria lantzen hasi ginenetik zuen konpromiso eta inplikazioa handitzen ari da. Bost kofradiarekin ekin genion aro berri honi eta orduz geroztik asko dira kofradia bat sortzeko lanetan diharduten piratak. Dagoeneko badugu beste bat: Aingura Kofradia! Ingurugiroa maite eta zaintzeko iniziatiba du Aingura Kofradiak eta oso argi finkatu du bere egitasmoa: naturarekiko errespetua izan, kontsumo arduratsua, eta ekoizpen eta kontsumo lokala sustatu. Aurtengo Aste Nagusian hartuko dute parte eta egitarau propioa izango dute horretarako. Aingura Kofradiako kideak burubelarri ekin diote dagoeneko lanari. Haiekin bat egin eta asmo berri honetan partaide izan nahi baduzu, idatzi honako helbide honetara: aingurakofradia@gmail.com. Gainerako pirata guztiei, kofradietan parte hartzeko gonbitea luzatu nahi dizuegu, dagoeneko baditugun kofradietan ala berria sortuz! Anima zaitezte! Hemen kofradiaren aurkezpena: ------------------- Ingurugiroa zaintzea eta jaia bateragarriak ez direla uste ohi dute askok. Ez da zuzena. Gure ingurunea zaintzea geure esku dago, baita jaiaz gozatzen dugunean ere. Ingurugiroarekiko errespetagarriak diren jaiak bultzatu nahi ditu Aingura Kofradiak eta horretarako lagungarriak diren ekintzak burutu. Iazko Aste Nagusian, naturarekiko errespetua eta kontzientziazioa bultzatzen zuen kofradiarik ez zegoela ikusita, bat sortzeko beharra sumatu genuen. Inguruko jendearekin hitz egiten hasi ginen orduan baina ez genuen funtsezko ezer lortu. Hilabeteak pasa ahala eta Gabonak gerturatzen ari zirenean heldu genion udan piztu zitzaigun nahi horri. Flamenkadan geure asmoak zein ziren azaldu genituen lehen aldiz, eta apurka-apurka gure Kofradia indarra hartzen hasi da. Hasiera bateko lagun taldeari ezezaguna zitzaigun jendea gerturatu zaigu eta benetan aberasgarria izan daitekeen lana burutzeko lehen urratsak ematen ari gara. Dena dela, gure Kofradiaren berri eman nahi dugu, gainerako piratek gure egitasmoa ezagutu eta gurekin batera ingurunea zainduz diberti daitezen! Gora Aingura Kofradia! 

IDATZI IRUZKINA

 

 

IRUZKINAK