19. Korrika badator!

|
2015-03-10
|
0

Kaixo Piratak!! Urepelen abiatu eta Bilbora bidean, martxoaren 22an iritsiko da Korrikaren 19. edizioa Donostiara! Euskararen aldeko ekimen zoragarri honetan parte hartzera animatu nahi dugu Donostia osoa. Euskahaldun! da aurtengo leloa, eta egia esan euskaldunok badugu ahalduntzeko premia! Donostian euskararen erabilera %15aren bueltan dabilen arren, Donostian kalean gurutzatzen dugun lau gaztetik hiruk ulertzen dugu euskaraz. Gure esku dago Donostia euskaldun bat eraikitzea, eta horretarako, bide bakarra dago: euskaraz mintzatzea, euskara sustatzea bazter guztietan, lehen hitza beti euskaraz egitea. Jakin behar dugu gure hizkuntza zergatik dagoen dagoen moduan –besteak beste, mendeetan desagertarazten saiatu direlako gaztelaniaren eta frantsesaren izenean, beste hizkuntza asko bezala–, baina batez ere, kontziente izan behar dugu katea ez dela sekula eten. Debekatuta egon arren, beti egon direla etxean hurrengo belaunaldiari euskararen lekukoa eman dioten donostiarrak. Hizkuntza da herri baten nortasuna eraikitzeko faktore garrantzitsuena, eta Donostiako piratok, erabat euskaraz funtzionatzeaz gain, hiri euskaldun bat eraikitzeko irrikitan gaude. Gure txanda 11:45ean izango da eta horregatik, 11:15ean geratu gara kaian kilometro pirata denok elkarrekin korri egin dezagun. Jantzi zapi beltza, etorri gurekin, eta batez ere, jakizu zein ederra den zu euskaraz entzutea!   http://youtu.be/yFjq6Xr55m8

IDATZI IRUZKINA