Izar eta Sarak botako dute txupina Aste Nagusi Piratan

|
2017-08-10
|
0

Urtero lez, Mattik gai bat darama besapean, Aste Nagusi Pirataren baloreekin bat datorren aldarrikapen bat. Martuteneko auzo elkartea, Etxe kaleratzeen aurkako kolektiboa, Abortoaren aldeko mugimendua, Irutxuloko Hitza edota Errefuxiatuak izan dira aurreko urteetan txupinazo pirata bota dutenak. Aurten, Izar eta Sara izango dira Matti pertsonaia.

Ezkila kapitaina eta Matti kaira iristen dira beti, baina aurten haiekin batera Izar eta Sara iristea ere nahi dugu. Bai Izartxok eta bai Sarak eskubide osoz egon beharko lukete hemen Donostian, euren herrian. Zoritxarrez, lur hauetan ohi den eran, urruntasunean preso dituzte, senideengandik aparte. Haiek hala izan arte, gu ere ez garela aske izango azpimarratu nahi dugu.

Madrildik biziko dute Sara eta Izarrek Aste Nagusi Pirata eta horretarako Sararen ahizpa Haizearen laguntza izango dute; bera izango da euren begi eta ahotsa Aste Nagusian zehar. Modu honetan, Sarari komunikatzeko ezarritako baldintza zorrotzak direla-eta, Haizea izango dugu Mattiri ahotsa jarriko diona.

Dakizuenez, Donostiako Piratak, jai herrikoi partehartzaile, askatzaile, euskaldun eta feministen aldeko mugimendua gara. Mattiren aldarriari helduz, berriro ere errepikatzen dugu ez dugula emakumeen aurkako inolako erasorik onartuko. Bestalde, ilusio izugarria egiten digu aurten umetxo batek, Mattiren pertsonaia gorpuztuko duela pentsatzeak. Izan ere, adin mugarik ez duen mugimendua gara, festak halako mugarik izan ezin duenez gero. Jai herrikoi eta anitzak antolatu ahal izateko, belaunaldi arteko transmisioa ezinbestekotzat jotzen dugu.

Ongi etorri beraz, Izar eta Sarari, Donostiako Piraten hamabosgarren urtemuga honetara!

Ezkila kapitaina Ubarroiekin aurten
Txupinazoa botatzeaz arduratzen den Matti pertsonaiaz gain, urtero kofradia batekin ibili ohi den Ezkila Kapitaina ere aurkeztu nahi dizuegu. Ezkila da Piraton Aste Nagusiaren kapitaina, eta bera da mugimendu osoak bultzatzen dituen baloreen adierazle.

Aurten, “Ubarroiak” Groseko kofradia izango da Ezkila eramatearen Arduradun. Ubarroiak, kolore iluneko itsas-hegazti lepaluzeak dira. Piraten antzera, itsas-lapurrak ere badira... eta botinaren ondoren, kriston festa muntatzen dute denen artean. Groseko hareatzetan sortu zirenean, jaia kale eta auzora zabaltzeko asmoa adierazi zuten. Zapi beltza soinean, txaleko urdin argia bizkarrean, kaletik ibiliko den kofradia ganberroa duzue: Ubarroiak.

IDATZI IRUZKINA