Nor gara eta zer egiten dugu?

|
2014-07-09
|
0

zapiya Donostiako Piratak gara, jai herrikoien aldeko mugimendua. Festa baliatzen dugu gauzak beste modu batera egin daitezkeela baieztatzeko. Piratak gara, eta donostiarrak. Baina ez gara jai ereduaren bidez saltzen ziguten Donostia horretakoak: Belle Epoque-a, monarkia espainiarra eta paisaia postalezkoa. Jai pregoietatik kanpo utzi gintuzten, eta irudimenari eta lanari esker, gauden lekura heldu gara. Dono$tia abordatzea da gure helburua.   Donostiako Piratok 2003an lanean hasi ginenetik, milaka pertsonaren auzolanari esker, Aste Nagusia aldatzen ari gara. Herritarrok jaiaren protagonista izatea lortzen ari gara eta egunotan saiatzen ditugun baloreak eguneroko bizitzan baliagarri direla sinesten dugu. Denok bolondresak gara eta gure denbora librean ari gara. Herritarren parte hartzea, parekidetasuna, jasangarritasun ekonomiko eta ekologikoa, irudimena, kultur aniztasuna, elkarrekiko errespetua, euskararen normalizazioa, auzolana, eta beste hamaika balio bultzatzen ditugu. Mundu hobe baten alde ari gara lanean.   Egiten duguna hainbat puntutan:   - Muntaia, gaurko eguna eta desmuntaia kontutan hartuta 500 bat bolondres ari gara lanean. - Adin guztietako jendearentzat egitaraua egiten saiatu gara. - Dena euskaraz egiteaz gain euskaraz aritzeko mintzapraktika antolatu dugu. - Gune segurua osatze aldera eraso sexisten aurkako neurri zehatzak hartu ditugu. - Erasoen aurkako Piraten telefonoa finkatu dugu, apuntatu agendan: 674562864 - Hondakin guztiak bereizita jaso nahi ditugu eta brigada berdeak ariko dira hondartza jasotzen. - Dena doan antolatu dugu arrazoi ekonomikoengatik inor gera ez dadin kanpo.   Agerikoa da Euskal Herrian jai herrikoien aldeko mugimendua indartzen doala. Oso pozgarria da ikustea denon artean, biharko Donostia eta biharko Euskal Herria praktikatik irudikatzen ari garela.   Edozer dugu posible! Gora jai herrikoiak! Izan pirata!