Osteguna 18: Bihurrien egun handia eta jaia auzoz auzo bizifestarekin
|
2016-08-22
|
0
Ipuin kontalaria
Abuztuak 18, osteguna, gaur pirata bihurrien egun handia da! Goizean goizetik Flamenka bihurriz betetzen hasi da, haurrak, gazteak helduak... gustura ibili dira denak oka jolas erraldoian!
Haurren bazkari herrikoia ere egin dute eta, ondoren, Taranak, SOS Arrazakeria elkartetik etorritako lagunak, kanpalekuetan bizi diren bihurritxo batzuen inguruko ipuin batzuk kontatu ditu.
Abordatzera!
Abordatze txikira abiatu aurretik Ane eta Piratek sekulako kontzertua eman dute Flamenkan kalejira batekin amaitu dena kaian. 80 baltsa eta 200dik gora piratek ekin diote Dono$tia abordatzeari. Sekulakoa izan da!
Bihurrien egun handia izateaz gain beste ekimen mordoa izan dugu gaur. Eguerdian, Kantujirako lagunek Flamenkatik abiatu dute Alde Zaharrean egiten duten ibilbidea. Talde ederra osatu dute! Eta arratsaldean, dantzaz bete zaigu Flamenka, Muxikariak-ekin! Ikusten denez, kantu eta dantzarako aukerak badira gaueko kontzertuetatik kanpo ere!
Kartzela funtzionarioak Xibaroei adi
Goiz eta eguerdian zehar Xibaroek hartu dute Lasta gunea, Aste Nagusian gurekin egon ez duten xibaroen bizitza zertxobait hobeto ezagutzeko asmoz. Dispertsioari buruzko erakusketa bat jarri dute bertan, 'txabolo' bat eta guzti. Bazkaritarako 'menu talegeroa' prestatu dute, hau guztia kartzela funtzionario zorrotzen begiradapean gainera.
Arratsaldean, Abordatze txikiarekin batera, Bizifestaren txanda iritsi da. Bizikleta gainean jarrita, jaia auzoz auzo zabaltzeko asmotan ibili dira hainbat pirata.
Bizifesta auzoz auzo
Hainbat geldialdi egin dituzte bidean: Txantxarreka gaztetxean lehenengo, "Los placeres son nuestro" ipuin erotikoak entzun dituzte bertan. Groserantz joan dira ondoren, Kortxoenea zegoen lekuan Rukula taldearen kontzertuaz gozatu dute. Eneritz Zeberioren performancea ikusi dute Uliako lore baratzean eta, oraindik indarrez jarraitzen zutenek, DJ Mapatxerekin amaitu dute Intxaurrondoko Letaman gaztetxean.
Nautikoan beste iluntze eder batetaz gozatzeko aukera izan dugu Pitxiroiak-en musikaz lagunduta. Eta hortik gertu, Lastan, mojitoz bustitako txiringo tropikala antolatu dute Jaraneroek.
Gaua iristean, Trinian bertako produktuekin osatutako afari goxoak zerbitzatzen hasi dira. Gaurkoan Mikel Karton izan da afariei laguntzeko soinu banda jartzearen arduradun.
Eta Flamenkako gauean Liher taldearen eta Willis Drummond-en txanda izan da gaur.
Liher:
https://www.youtube.com/watch?v=Al708G7bWYw
Willis Drummond:
https://www.youtube.com/watch?v=hJQYsAfAJvk