20. Korrika

|
2017-04-07
|
0

_MG_3704 Korrikak aurrera darrai, eta aurtengoan ere eman degu gure aletxoa! Astearte gau partean hartu genuen lekukoa Donostiako kaian. Kofradia guztietako kideak elkartu ginen iluntzean, geure lekua den kaia apur bat apaindu, txaleko eta zapiak jantzi eta irrika biziz Zoro Zoragarri horiek noiz heldu zain jartzeko. Trikitilarien laguntza ere izan genuen girotzeko, han aritu ginen dantzan eta kalejiran Ezkila kapitainarekin batera! Aurreikusitako ordutik atzerapen apur batekin helduko zela jakin genuen, Donostiako beste auzoetan euskararen alde korrikan ari ziren piratei esker. Baina hala ere urduri, ilusioz eta egonezin dibertigarri batek hartuta itxaron genuen kaian. Furgonetaren argiak, bozgorailuen leloak eta sekulako jendetzaren algarak entzuten hasi ginenean Alde Zaharreko kaleetatik gerturatzen, denok prest jarri ginen: Ezkila kapitaina eta Pirata Bihurrietako kide bat lekukoa hartzeko zain eta gainontzekoak inguruan, korrikaldira batzeko prest. Jendetza heldu zen kaira, eta lekukoa hartu genuen unean euritan hasi zuen arren, poz-pozik ekin genion kaia gurutzatzeari! Ondoren lekukoa eman eta sekulako jendetzaren artean jarraitu genuen korrika, batzuk Alde Zaharreko kaleetaraino, besteak Boulevard amaieraraino, eta izan ziren Antiguoraino eta haratago jarraitu zuten piratak ere! Hemen dezue egindako argazkien galeria: https://www.flickr.com/photos/donostiakopiratak/albums/72157680247399071 Beste behin ere, zoragarria izan da Korrikan parte hartzea. Euskararen alde, jarrai dezagun abordatzen! Mila esker guztiei!  

IDATZI IRUZKINA