Ehunka lagun bildu gara Aste Nagusian gertatutako eraso sexistak salatzeko kontzentrazioan

|
2017-08-17
|
0

Gaur arratsaldean, Donostiako Mugimendu Feministak eta Piratok deiturik, ehunka lagun bildu gara Bulebarrean Aste Nagusian zehar gertatu diren eraso sexistak salatzeko kontzentrazioan. Hona hemen kontzentrazioaren amaieran irakurri den testua:

Jakin dugu Donostiako Aste Nagusian, astearte goizaldean, bortxaketa bat sufritu duela neska gazte batek. Lehenik eta behin elkartasun guztia adierazi nahi diogu neskari, ez zaude bakarrik!!!

Bestetik, erasotzailea erabat mespretxatu nahi dugu eta eraso sexista hauek sostengatzen dituzten matxirulo guztiei abisatu nahi diegu, aurrez aurre edukiko gaituztela.

Berriro ere, festa giroan eta gauez eraso sexista larria eman da. Eraso hau parekidea ez den jendarte matxista batek sortu eta sustengatzen du, ez dira kasu aislatuak ezta indibidualak ere. Arazo sozial eta kolektibo bat da eta horren aurrean jendarte guztiak erantzun behar dugu, baita pertsona indibidualek, kolektiboek eta administrazioek ere.

Horregatik hemen elkartu gara gaur, eraso sexista hauei aurre egiteko eta tinko erantzuteko. Nazkatuta gaude, tititaraino gaude kaleak, gauak, festak emakumeontzako gune ez seguruak izateaz. Izan ere, horrek emakumeon askatasuna murrizten du eta ez gaude horretarako prest. Askatasunez bizi nahi dugu, edozein herritan, edozein gunetan eta edozein momentutan.

Feminismoan oinarritutako jendarte bat aldarrikatu nahi dugu, non beldurrik gabe biziko garen. Egunero borrokatuko dugu, lortu arte.

Erasoen aurrean erantzungo dugu: emakume eta neska gazte oro animatzen dugu erasoen aurrean autodefentsa erabil dezan, zilegi delako eta gai garelako!!!!

Erasotzaileei ere abisu bat, prest gaude aurre egiteko, ez gara isilduko, ez gara geldirik geratuko, aurrean edukiko gaituzue!!! Eta jendarteari ozen esaten diogu ez dugula horrelako jarrerarik onartuko ez festetan ez inoiz!!!

GORA BORROKA FEMINISTA!

ERASORIK EZ ERANTZUNIK GABE!

IDATZI IRUZKINA