Historia

Zer arraio gertatzen zaigu hiri “santu” honetan halako festak izateko? Galdera hau eta gehiago buruan itsasoratu ginen lehenengoz 2003ko abuztuaren 11ean, festak libertatean ospatu ahal izateko espazio publikoaren erabilera komunitario eta librea aldarrikatuz.o eta librea aldarrikatuz.

80ko hamarkada amaieran, hamaika ahalegin eta izerdi eginak ziren festaren agerpen herrikoia berreskuratzeko: Donostiako Herri Jai Batzordea, Bixigu-Jauna, Donostiako Koadrilak… Baina guztien gainetik gailentzen zen Semana Grande eredua: interes ekonomiko pribatuek kudeatzen zuten egitaraua, plaza eta kalea; gaztelera nagusi ospakizunetan eta zezenketak protagonista; herritarrak ikusle-pasibo eta kontsumitzaile-aktibo…

Eta hala, bigarren galdera bat iltzatu zitzaigun buruetan: baimenik eskatu behar ote dugu gure herriko jaiak ospatzeko? Erantzunaren arrastoan elkartu ginen, auzo zenbaitetako Gazte Asanblada eta Jai Batzorde, Parte Zaharreko hainbat tabernari eta lagun koadrila, Donostiako kaian. Belak zabaldu eta Donostia lehenengo aldiz abordatu genuen. Jaia eta aldarrikapena uztartzeko sortu genuen Abordatzea, desobedientzia, umorea eta partehartzea iparrorratz hartuz.

Lehen urte hartan 50 bat lagun batu ginen. 2004an 100 ginen. 2005ean 200. 2006an 400. 2007an 1.000. 2008an 2.000... eta horrela 4.000 bat lagunek parte hartzen duten festa antolatzera iritsi gara. Aste Nagusi Pirata, alegia!