Eskema orokorra
Urtez urte eta hamarkadaz hamarkada, Donostiako Piraton Aste Nagusia osatzen joan gara. Hasiera batean Abordatzeak ematen zion hasiera Aste Nagusiari, eta musikak garrantziazko lekua izaten zuen Donostiako egitarauan, Koadrilen arteko jolasekin batera. Jaiari amaiera bat ematearren, Semana Grandeko errituei helduz, Irrikitaldia antzezteari ekin genion.
Ondoren, 2012tik aurrera, Kofradien egitarauek Piraton Aste Nagusiko egitarau orokorra osatzeko aukera eman ziguten. Gaur egun, dozenaka hitzordu dago Donostiako Piraton egitarauan, hemen behean zehazten ditugu urtero errepikatzen diren hainbat:
Txupinazoa
Txupinazoak ematen dio hasiera ofiziala Donostiako Aste Nagusi Piratari. Zalantzarik gabe, une zirraragarrienetako bat izaten da hau. Aurretik, Kofradia ezberdinak batu egiten dira bakoitza bere auzoan, kalejira erraldoi batean La Flamenkara iritsi arte. Bertan egoten dira jai giroan, Santa Klara uhartetik datozen Ezkila Kapitaina eta Mattiren zain. Aste Nagusiko bi ikur hauek kaira iristerakoan, Kofradia guztiek ongi etorria egiten die giro ederrean, eta hitza hartu ondoren, Ezkila Kapitainak eta Mattik txupinaren metxa piztu eta zerurantz jaurti egiten dute. Has dadila jaia!
Erromeria
Egitaraua adin txikikoei eta helduagoei zabaltzeko asmoz abiatu genuen Erromeria Eguna. Lehen gaueko ajea pasata edota gau pasaz, igandez igo ohi gara trikitilariekin alde zaharretik Urgull mendiraino. Bertan, adin guztientzako jolasak izan ohi ditugu, karaoke, antzezlana, bazkari herrikoia, musika edota tailerrak ere. Urgull mendiko paraje eta giro ederra izaten da gure igandeko altxorra.
Abordatzea
Gezurra dirudien arren, 50 bat lagun batu ginen 2003an, abordatzearen lehen edizioan. 2004an 100 pirata, 2005ean 200, 2006an 400, 2007an 1.000, 2008an 2.000... eta horrela 4.000 bat lagunek parte hartzen duten ekimena antolatzera iritsi gara. Abordatzea da zalantzarik gabe Aste Nagusi Pirataren oinarrietako bat. Aste Nagusiaren astelehenean egin ohi da eta nabarmentzekoa da goizeko lehen ordutik gaua bitartean ehundaka bolondres aritzen direla burubelarri ekimena baldintza egokietan antolatu ahal izateko: suhiltzaileak, Gurutze gorria, DYA, Babes Zibila, urpekariak, kofradiak, bestelako pirata eta lagunak, etab.
Abordatze txikia
2012an, Kofradien sorrerarekin batera eta Pirata Bihurrien eskutik, haurrei zuzendutako Aste Nagusi oso bat antolatzen hasi ginen. Eta gure ikurra den Abordatzea txikienei ere eskaintzeko asmotan, lehen Abordatze Txikia antolatu genuen urte hartan.
Lehen saiakera hura orain Lasta den gunean egin genuen, igerileku puzgarri erraldoi bat erabilita. Izandako arrakasta eta lortutako oihartzuna kontutan izanda, hurrengo urteetan pirata txikienek ere itsasoko urak abordatuko zituztela erabaki genuen. Ordundik hona, kaiko ranpan egiten dugu Abordatze Txikia, haur eta gurasoen hitzordu handia bilakatu delarik.
Irrikitaldia
Urtetik urtera egitaraua zabaltzearekin, Donostiako Piraten festa aste osoko festa bilakatzen hasia zen. Bagenuen jaiari hasiera emango zion ekitaldia, nola agurtu, ordea, festa? Hala nola 2006ko abuztuaren 20an egin genuen lehen “Irrikitaldia”: urtean zehar entzutetsuak izan diren hiru gertakari “goraipatu” eta arduradunei “esker emanez” festari amaiera ematen dion ironiaz beteriko ekitaldia. Ondorengo urteetan gaurdaino, Donostia hainbeste baldintzatu duen “Belle Epoque” garaiko pertsonaia bilakaturik, abuztuko jaietan soka luzea ekarri zuen “Salve” izeneko ospakizun erlijioso-politikori parodia egiten diogu. Mito bat hausteko aukera ere bazen, jaia eta gai sozialen aldarrikapena bateraezinak direla esaten duen mitoa, alegia. Herriak, festa bere aldarrikapenak adierazteko tresna bezala erabiltzea garrantzitsua iruditzen zitzaigun.
Aste Nagusi Piratari amaiera ematen dion ekitaldia da hau, azken igande arratsaldean ospatzen duguna.
Musika egitaraua
Musikak hasieratik garrantzia handiko tokia izan du Aste Nagusi Piratan. Zuzeneko kontzertuez gain, bertako musika taldeak sustatzea izan da Piraten oinarrietako bat. Horren adibidea dugu hasiera batean antolatzen genuen musika lehiaketa, Donostiako gaztetxeekin elkarlanean. Gaur egun, batez ere La Flamenka guneko gaueko musika programazioaz arduratzen den lantalde bat dago. Nabaria da urtean zehar egiten duen lanketa bertako taldeak nazioarteko eskaintzarekin uztartzeko. La Flamenka baldin bada musika egitarauaren eszenatoki nagusia, beste hainbat lekutan ere gozatu daiteke zuzeneko musikaz: Nautikoa, Lasta gunea, Trinitate Plaza, Guardetxea, Gaztetxeak, etab.
Kofradien egitaraua
Iruñean eta Baionan Peñak dituzten bezala, Gasteizen Neskak eta Blusak, eta Bilboko Konpartsen pareko, Donostiako Piratek Kofradiak ditugu 2012. urtetik hona. Jaietan herritarren parte-hartze zuzena bermatzeko pentsatu genituen eta gaur egun, hamarretik gora Kofradiak osatzen dute Donostiako Piraten mugimendua, bakoitzak bere txaleko eta nortasuna aldarrikatuz. Egitarau propioa du Kofradia bakoitzak eta noizbehinka euren arteko pike edo lehiak ere ikusi ohi ditugu. Zalantzarik gabe, Kofradien parte hartzeak Aste Nagusi Piratan egitarau oparo eta anitza aurkezteko aukera ematen digu.