Historia

Donostiako Piratak, jai herrikoi partehartzaile, askatzaile eta euskaldunen aldeko mugimendua gara. Herritarrek herritarrontzat eratutako jaia aldarrikatzen dugu, gizarte eredu berri baten itsasoetan murgilduz. 2003an egin genuen jauzi lehen aldiz itsasora. Orduz geroztik, Pirata ugari batu zaizkigu itsasontzira eta auzoz auzo, saretze-lanean, Donostia abordatzeko bide berriak irekitzen jarraitzen dugu. Oraindik idatzi gabeko mapen peskizan, inoiz nabigatu gabeko itsasoak dauzkagu deskubritzeko. Iparrorratza gure ametsetako Donostian jarrita daukagu. Eta noski, XXI. mendeko jai herrikoiek nolakoak behar duten asmatzea dagokigu. Erronka zoragarria dudarik gabe!

Nola jaio zen mugimendua ?

Zer arraio gertatzen zaigu hiri “santu” honetan halako festak izateko? Galdera hau eta gehiago buruan itsasoratu ginen lehenengoz 2003ko abuztuaren 11ean, festak libertatean ospatu ahal izateko espazio publikoaren erabilera komunitario eta librea aldarrikatuz.

80ko hamarkada amaieran, hamaika ahalegin eta izerdi eginak ziren festaren agerpen herrikoia berreskuratzeko: Donostiako Herri Jai Batzordea, Bixigu-Jauna, Donostiako Koadrilak… Baina guztien gainetik gailentzen zen Semana Grande eredua: interes ekonomiko pribatuek kudeatzen zuten egitaraua, plaza eta kalea; gaztelera nagusi ospakizunetan eta zezenketak protagonista; herritarrak ikusle-pasibo eta kontsumitzaile-aktibo…

Eta hala, bigarren galdera bat iltzatu zitzaigun buruetan: baimenik eskatu behar ote dugu gure herriko jaiak ospatzeko? Erantzunaren arrastoan elkartu ginen, auzo zenbaitetako Gazte Asanblada eta Jai Batzorde, Parte Zaharreko hainbat tabernari eta lagun koadrila, Donostiako kaian. Belak zabaldu eta Donostia lehenengo aldiz abordatu genuen. Jaia eta aldarrikapena uztartzeko sortu genuen Abordatzea, desobedientzia, umorea eta partehartzea iparrorratz hartuz.

Lehen urte hartan 50 bat lagun batu ginen. 2004an 100 ginen. 2005ean 200. 2006an 400. 2007an 1.000. 2008an 2.000... eta horrela 4.000 bat lagunek parte hartzen duten festa antolatzera iritsi gara. Aste Nagusi Pirata, alegia!

Zazpi itsasoak nabigatzen

Donostiako Parte Zaharrean askatu genituen aingurak lehenengoz. Auzoko zenbait tabernari eta lagun hasiak ziren 2002 urtean dagoeneko, festak hauspotu asmoz koadrilen arteko jolasak antolatzen, eta elkarrekin eskutik egin genuen 2003az gerora.

Enbataren erdian ezinbesteko bidaide izan genituen Donostiako gaztetxeak: Intxaurrondoko Letaman gaztetxean ospatu genituen Gau Piratak (2003-2004-2005-2006); 2005ean Egiako Ametsenean antolatu zen Aste Nagusiko egitarauaren parte bat; musika talde hasi berrien Musika Lehiaketaren lekuko izan ziren Kortxoenea eta Añorga nahiz Loiolako gaztetxeak… Eta bidaian ginela Guardetxea edo Doka Kafe Antzokia bezalako portu-lagun berriak egin genituen, edo festa egitaraua zabaltzeko lurraldeak deskubritu, Urgull mendia esaterako, non piratok Erromeria ospatzen dugun.

2004az gerora Trinitate Enparantza ere ontziak arribatzeko portu izan genuen. Musika eskaintza propioa antolatzeko zirrikitua aurkitu genuen. Traba, aitzakia eta barrikada-administratiboen gainetik Trinitate Esperantza bilakatu genuen lehen La Flamenka.

Urtetik urtera egitaraua zabaltzearekin, Donostiako Piraten festa aste osoko festa bilakatzen hasia zen. Bagenuen jaiari hasiera emango zion ekitaldia, nola agurtu, ordea, festa? Hala nola 2006ko abuztuaren 20an egin genuen lehen “Irrikitaldia”: urtean zehar entzutetsuak izan diren hiru gertakari “goraipatu” eta arduradunei “esker emanez” festari amaiera ematen dion ironiaz beteriko ekitaldia. Ondorengo urteetan gaurdaino, Donostia hainbeste baldintzatu duen “Belle Epoque” garaiko pertsonaia bilakaturik, abuztuko jaietan soka luzea ekarri zuen “Salve” izeneko ospakizun erlijioso-politikori parodia egiten diogu. Mito bat hausteko aukera ere bada, jaia eta gai sozialen aldarrikapena bateraezinak direla esaten duen mitoa, alegia. Herriak, festa bere aldarrikapenak adierazteko tresna bezala erabiltzea garrantzitsua iruditzen zaigu.

La Flamenka: Aingurak askatzen

Aste Nagusi Piratako festa egitaraua osatzea eta La Flamenka gunea egonkortzea, biak batera jazo ziren; baina baita festa gunea txiki geratzea ere. 2008an, zazpi itsasoetan nabigatu ostean Donostiako Piratek egoki arribatzeko portua kausitu genuen: Donostiako kaia, La Flamenka berritua. 80ko hamarkadan Donostiako Herri Jai Batzordeak festak ospatzen zituen eremuan.

Historia ofizialaren liburuetan agertzen ez den bestelako Donostia horretako pasarte eta kontakizunak berreskuratu nahi izan ditugu festaren bidez, XXI. mendeko donostiarron bizitzetara ekarri eta egokitu, eta pasadizo horietako baten lekuko dugu La Flamenka bera ere. Izan ere, La Flamenka, 18. mendean, gaur egungo Fermin Calbetón kalean zegoen taberna bat zen, salerosketen eta porturatutako pirata nahiz kortsarioen topalekua. Kaia Donostiako historiarekin errotu nahi izan genuen La Flamenka izenarekin bataiatuz.

La Flamenka asmatu eta eraiki izanak, festa-egitaraua nahiz egitarauaren hedapena egokitzeko ez ezik, portu gehiagotara arribatzeko aukerak ere eskaini dizkigu: Nautikoa, Lasta…

Kofradien sorrera

Donostia lehen aldiz abordatu eta hamar urte igaro zirenean, antolaketa ereduaren gaineko gogoeta zahar-berri batean murgildu zen mugimendua, 2012an. Galdera berriak ikusi genituen ortzi-mugan.

  • Nola antolatu hamar urteotan jai herrikoiak ospatzen elkartu garen norbanako, koadrila eta eragile guztiak?
  • Nola gorpuztu urteotan ehunduriko harreman eta konplizitate sarea?
  • Finean, zein antolaketa eredu behar du mugimenduak helburu berrien erdiesteko?

Bagenuen oihala, itsasontzia egokitzea falta genuen. Itsasoari lotutako iruditeria eta Piraton kontakizunaren jarraipen bezala sortu ziren Kofradiak.

Kofradia bat, laburrean, herritarrak jaietan parte hartze zuzena bermatzeko espazioa izango zen. Eta bere horretan, jai herrikoien aldeko mugimenduaren bizkarrezurra. Kofradiek, herritarrek jaietan antolatzen diren ekimen guztien gaineko erabakien parte izateko aukera emango zuten. Iruñean eta Baionan Peñak bezala, Gasteizen Neskak eta Blusak, eta Bilbon Konpartsen pareko, Donostian Kofradiak sortu ziren.

2012an sortu zen lehenengo Kofradia: Eskifaia gazte Kofradia. Jarraian Pirata Bihurriak, haur zein gaztetxoen kofradiaren berri izan genuen eta ondoren Xibaroak iritsi ziren, ziegetan dauden euskal presoak gogoan. Geroztik, Kofradien kopurua emendatuz joan da, hamaika koloreko txalekoz josiz Donostiako jai herrikoiak.