Hasi da Aste Nagusi Pirata!

|
2016-08-13
|
0

_MG_4073

Hassanna eta Kateryna txupinazoa botatzen

Hasi  degu dagoeneko 2016ko Aste Nagusi Pirata!! Dakizuen bezala, Piratontzat funtsezkoa den balore bat oinarri hartuta lan egiten duten eragileek gorpuzten dute urtero Matti, Aste Nagusi Piratako pertsonaia nagusietako bat. Aurten errefuxiatuak aukeratu ditugu Matti izateko, egunero bizi duten drama bisibilizatzea beharrezkoa iruditzen zaigulako. Horregatik, aurten Hassanna Aalia eta Kateryna Kirsanova errefuxiatuek bota dute txupinazoa, Ezkila Kapitainarekin batera, Aingura kofradiaren bidelagun. Pretxupinazo koloretsuak egin dituzte kofradiek eta denak elkarrekin joan gara Ezkila eta Mattiri ongietorria ematera. Flamenkara joan eta bertan bota dute Hassanna eta Katerynak txupinazoa. Hasi degu Aste Nagusia, hemendik aurrera jaia, festa, giro polita eta parte hartzea izango ditugu bidaide, datorren Abuztuaren 21era arte! Hemen dezue egitaraua, eta aldaketarik izanez gero joango gara berri ematen. Izan pirata eta Gora Kai Herrikoiak! Hona hemen pretxupinazo eta txupinazoko irudi batzuekin osatutako bideoa, eta argazki galeria eder bat ere osatu dugu. Txupinazoan irakurri zen pregoia osorik duzue albistearen amaieran.

Txupinazoaren ondoren berehala hasi dira ekitaldiak. Arratsaldean bertan, Bertxortanek eman dio hasiera egitarau kulturalari. Eta beranduago Bi Zaldi eta Physis Versus Nomosek alaitu dute Trinian afaltzen ari zirenen gaua.

Eta La Flamenkan Trikidantz taldeak jarri ditu dantzan piratak. Ikusi hemen kontzertuko argazki galeria.

Eraso sexisten aurkako manifestazioa ere etorri da Flamenkara gauean eta piratok harrera egin diogu. Ez dugu inolako jarrera sexistarik onartuko, ez Aste nagusian ez inoiz. Gogoratu, Aste Nagusian zehar eraso sexistaren bat jasan edo ikusten baduzu, salatu: 664164408.

GORROTOAREN KONTRA

Donostiarrok,

Elkartasuna oinarri duten Donostiako Piratek aurten ere ezin zioten bizkarra eman Mediterraneoan milaka hildako eragiten dituen dramari. Frontexeko gerra itsasontziak bidaltzen dituen Europar Batasunak eta NATOk ez bezala, Kantauri itsasoan, hau da, gure hirian, babesleku izango den kai segurua eskaini nahi digute.

Eta hemen gaude. Hondamenditik egiten dugu ihes. Gosea, biolentzia, matxismoa, inposaketa eta fanatismoa atzean utzi nahian, gure seme-alabak besoetan ditugula etortzen gera. Gutxi batzuk poliziaz, lege ilegalez eta bazterkeriaz jositako lurraldea gurutzatzea lortzen dugu… eta hona iristen gara. Batzuk bizirauten dugu. Hasiera batean besarkada bat, plater bero bat, dutxa edota aterpe bat espero genituen…

baina errealitateak indarkeriaz astindu gintuen. Itota hiltzen diren umeei argazkiak atera behar izan zizkieten, agintariek erruki plantak egin zitzaten.

Ez zuen ezertarako balio izan. Harresien bestaldean aurpegi txarrak, akusazio hatzak, oztopoak eta gezurrak aurkitu ditugu; xenofobiaren jomugan jarri gaituzte eta arrera zentroak erasotzen dituzte. Gure seme-alabak gaizki tratatuak eta kriminalizatuak izaten dira. Beren negar ikararen aurrean ez dakigu zer erantzun. Gurasoei besarkatu eta atzera begiratu ez dezaten esatea besterik ez.

Hitzak zentzua galtzen ari dira. Eta gure seme alabek ulertzen ez duten egoera honen aurrean hitzak eskatzen dizkigute. Guk ere ez dugu ulertzen zer ari den gertatzen. Hemendik 10 edo 15 urtera, zenbat gorroto pilatuko ote dute? Zer egingo dute gainditzeko? Zein izango da arduraduna?

Grabitatearen lege bitxi honetan, pisu gehiago du boto-paper batek, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsal osoak baino. Agintariek beldurra sortzen dute; bertatik etekina ateratzen duten beldurra.

Baina badakizue? Ez dugu etsiko. Jende ona ere aurkitu dugu, gure zauriak sendatzeko gai direnak. Eskubideak ditugun pertsona bezala onartzen gaituztenak. Manta edota hitz gozoekin estaltzen gaituztena. Jazartuok, baztertuok, uko egiten diogu gure seme alabekin hil zorian ibiltzeari Hil behar badugu hemen hilko gara. Ikus gaitzatela. Eta bizitzea lortzen badugu, irribarreak berreskuratzen saiatuko gara, eta gorrotoak itsasoan ondora ez gaitzan saihestuko dugu.

Festa garaia da. Bizirik jarraitzen dugulako gaude hemen. Ez askatu gure eskuak. Guk ere lagundu diezazuekegu. Horretarako bizi behar gera, infernu eta mugak ezabatzeko. Gure ateak irekiak dituzue.

Ongi etorri, errefuxiatuak!

IDATZI IRUZKINA