Altsasuko Gurasoek botako dute txupinazoa Aste Nagusi Piratan

|
2018-08-07
|
0


“Kaia, jaia eta iraultza alaia” gogoan, aurten ere Ezkila eta Mattik euren txalupa Donostiako kaian amarratuko dute txupina botatzeko. Urtero lez, Mattik gai bat darama besapean, Aste Nagusi Pirataren baloreekin bat datorren aldarrikapen bat hain zuzen. Martuteneko auzo elkartea, Etxe kaleratzeen aurkako kolektiboa, Abortoaren aldeko mugimendua, Irutxuloko Hitza, Errefuxiatuak edo Izar eta Sara izan dira aurreko urteetan txupinazo pirata bota dutenak.

Altsasuko Gurasoak

2016ko urriaren 16an gertakari garratz batekin esnatu ziren Altsasuarrak: Koxka tabernan izandako bezperako liskarra. Hasiera batean, Auzitegi Probintzialak instrukzioa abiatu arren, laster Auzitegi Nazionalak gertaerak terrorismo delitutzat jo eta kasua bere egin zuen. Azaroaren 14an bederatzi gazte atxilotu zituzten. Nahiz aurretik epaitegietan beren borondatez aurkeztu eta horretarako prestasuna azaldu, eta horietarik zazpi espetxera bidali zituzten. Geroztik, Adur, Jokin eta Oihanek 600 egunetik gora daramatzate kartzelan eta ekainaren 5ean beste epaitutako 4 gazte bidali zituzten kartzelara berriz, ihes egiteko arriskua zegoela argudiatuz.

Matti izatearen gonbita poz handiz hartu dute Altsasuko Gurasoek. Eragileen arteko elkarlana ezinbestekotzat jotzen dutela adierazi dute, baita gizarte aske bat eraikitzeko indarrak batzea oinarrizkoa dela ere. Matti izatearen gonbitarekin, Donostiako Piratek elkartasun osoa adierazi nahi diete Altsasuko gazte eta senideei oinarrizko giza eskubideen babesa aldarrikatuz. Donostiako itsasoaren kresala, ehunka km-tara dauden gazteengana iristea espero du mugimenduak. Besarkada handi bat Donostiatik!

 

Aurtengo Ezkila, Kalepoza

Txupinazoa botatzeaz arduratzen den Matti pertsonaiaz gain, urtero kofradia batekin ibili ohi den Ezkila Kapitaina aukeratu dute Donostiako Piratek. Kalepoza kofradia izango da 2018ko Piraton Aste Nagusiaren kapitaina, eta bera izango da mugimendu osoak bultzatzen dituen baloreen adierazle.

Kofradia, Kale Lagunak hockey taldearen inguruan ibiltzen diren zenbait koadrilaz osatua da, “BiziPoza” bizitzako lelo moduan daukaten pertsonaz osatuta. Alde Zaharreko pirata hauek, ilun dagoen auzo bat kolore biziz bete nahi dute. Jaiak ospatzen dira egun berezi hauetan, iluntasun horri kolorea jarri nahi diote. Horregatik, “Fuxia” kolorea daramate gainean. Jaietan lotsak eta penak alde batera utzi, jaietaz gozatu eta poza transmititu nahi dutelako. Gizartearen parte hartzea, euskararen zabalpena eta feminismoa bezalako baloreekin bat egiten dutelako sortu zuten kofradia Donostiako Piraten mugimenduan.

IDATZI IRUZKINA